Forondak ete Egiguren II.ak Munduko Kontseiluaren finala gogoraziko digute Beotibarrean.

TXULETAREN FESTA ETA ZESTA-PUNTA DESAFIO HANDIA IGANDE HONETAN TOLOSAN

FORONDAK ETA EGIGUREN II.AK MUNDUKO KONTSEILUAREN FINALA GOGORARAZIKO DIGUTE, ARRIAGA ETA KONPAREKIN BATERA

 3/12/09 (jai-alive.com)
 
Gastronomia eta zesta punta gogoko dituztenek izango dute zer dastatua datorren igandean, abenduak 6, Tolosan, bertan izango baitira Foronda eta Egiguren II.a, Munduko Kontseiluaren finalean elkarren aurka aritu ziren puntistak, oraingoan Jon Arriaga eta Konparekin bikotea osatuz, Tolosa Gourmet-ek abenduaren 5-8 bitartean herrian antolatu duen Txuleta Festaren barnean.
 
Jai Alive zesta punta enpresa profesionalak eta Beotibar Zesta Punta Elkarteak jaialdi kutixia antolatu dute Beotibar Pilotalekuan,  Zerkausian izango den bazkariaren ondorenerako. Jaialdia 17:00etan hasiko da Beotibar ZPEko pilotari gazteekin eta ondoren partida ikusgarria dago programatuta egun dauden puntistarik handienak tartean direlarik.
 
Bertan izango dira  aurrez-aurre Munduko Kontseiluaren txapelduna, Foronda eta Egiguren II.a txapeldunordea, bi hilabete eskas pasa direnean arabarrak Lopezekin batera urteko titulurik garrantzitsuena lortu zuenetik, donostiarraren eta Felix beteranoaren aurka. Forondaren ahalmen fisikoari egin beharko dio aurre Egiguren II.ak erreboterako eta errematerako duen berezko gaitasunarekin, eta atzeko koadroetan Jon Arriaga eta Konpa txapeldun ohiak izango dituzte.
 
Sarreren prezioa edozeinen eskura dago, 5eurotan eta 16 urtez azpikoek doan sartu ahal izango dira; hartara, inguruko pilotazaleek eta txuletaren festan parte hartzen dutenek modalitate ikusgarri honekin gozatu ahal izango dute. Gainera, sarrerarekin ateratako diru guztia Beotibar Zesta Punta Elkartearentzat izango da.
 
Bestalde, bai klubak eta baita enpresa antolatzaileak, badituzte oraindik sarrera konbinatuak, Tolosa Gourmetek antolatutako txuleta bazkarirako txartela  eta ondorengo pilota jaialdirako sarrera biltzen dituena, 40,00€tan, Zerkaurian egun hauetan egingo diren bazkari-afarien prezio berean.
 
Esan beharrik ez dago txuleta izango dela otordu hauen izarra, baina ondo lagunduta egongo da, Jabugoko urdaizpikoa, Nafarroako zainzuriak, Tuterako kukuiluak eta Lodosako piperrak hasteko, eta amaierako Idiazabal gazta eta Tolosak berezko dituen postreak, teilak, zigarrotxoak eta xaxuak, dena ondo bustita Errioxako ardo onduarekin. Bazkarirako eta frontoirako sarrera berezi hauek eskuratu nahi dituenak, honako telefonotara deitu besterik ez dauka: 648510554  edo  675705794.

Volver/Atzera egin