IRAUTEA BAINO GEHIAGO
Jai-Alivek hirugarren urtea bete berri du, eta balantze positiboa
egin du: zirkuitua eratu du, jaialdi asko antolatu eta ikusleak
erakarri ditu. Halere, kexa ere badu, ETBren aldetik jasotako
tratuarekin bereziki.
BERRIA - Imanol Magro
Iruñea
Izenaren hitz jokoa aldatu beharko dute. Jai-alai eta Alive-ren
arteko uztartzea. Jai-alai eta bizia. Irautea. Ez da arraroa,
erremintan, tamalez, egunerokoari eustea ez delako erronka txikia.
Urteak pasatuta, baina, badago gora egitera lortzen duenik.
Jai-Aliveren eredua da. Beste enpresa bat izatetik erreferenteetako
bat izatera pasatu baita. Hirugarren urtea bete du, eta lehen
zirkuitua eratu du jada. Kontzeptu berritzailea da, eta pozik
daude bertako arduradunak. Hala dio behintzat Iñaki Egigurenek,
enpresako buruak. «Balantze ona egin dugu. Baikorra. Jaialdi
gehien antolatu dituen zesta-punta enpresa gara, eta ikusleak
erakarri ditugu. Plaza berriak aurkitu ditugu ere, eta hori
garrantzitsua da».
Urteko jardunaren bizkarrezurra Orange zirkuitua izan da. Bukatu
berri da, eta Iker Foronda izan da puntu gehien batu duen pilotaria.
Egitasmoa luze eta konplexua izan da, hamaika torneokoa. Markina
eta Donostia bezalako plaza klasikoak, Iruñea, Hondarribia
edo Bartzelona (Katalunia) bezalako hiriekin uztartu dituzte.
Hurrengo urtera begira torneo kopurua handitu nahi dute, eta
ahal den moduan hedatu. Aldi berean, ustekabe gozoa jaso dute
Hondarribian. Jaialdi ugari antolatu dituzte bertan, eta Egiguren
pozik dago harrerarekin. «Ipar Euskal Herrian zesta-puntak
jende asko erakartzen du, eta eredu hori jarraitu behar dugu.
Bost urte barru Hondarribia Donibane Lohizune edo Miarritze
bezalako plaza izango da».
Hondarribian, gainera pilota eskola sortzen lagundu dute. Irakasleak
Jai-Alivekoak dira, eta bi multzo sortu dituzte. Batean gaztetxoak
dituzte entrenatzen, eta bestean helduak. Enpresako burua harriduraz
mintzo da. «Hondarribikoa harrigarria izan da. Dozena
bat jaialditik gora jokatu ditugu, eta herriko jendeak lagundu
egin digu. Beste edozein lekutan jendeak padel, squash edo antzekoetara
jotzen du. Hondarribian, aldiz, jende helduak ere zesta hartu
du aisiarako».
Bartzelonan ere gustura ibili dira, eta heldu den urtean berriz
joango dira. Bertako euskal etxearekin elkarlanean esperientzia
polita izan zuten. Egigurenek aise azaldu du zergatia. «Kudeaketa
txarraren erruz Euskal Herrian galdu badu ere, atzerrian zesta-puntak
xarma handia du oraindik». Ereduari jarraiki, litekeena
da heldu den urtean zirkuituan antzeko beste hiri batzuekin
ausartzea.
Zirkuitutik kanpoko torneoetan ere txukun aritu da enpresa.
Miarritzen Urrezko Xistera irabazi zuen, eta Maulen eta Donibane
Garazin ongi aritu zen. Ipar Euskal Herriko Torneoetako antolatzaileak
Jai-Aliverekin harremanetan jarriak dira honezkero, heldu den
urtean Eusko Basqueko pilotariekin batera lehiatu daitezen.
Albiste garratzena, aldiz, Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko
Munduko Txapelketan jaso zuten, finalerdietan bikote bakarra
sartu baitzuten. Egigurenek, baina, garrantzia kendu dio. «Txapelketa
ez zen gure helburua, gure helburua zirkuitua indartzea zen.
Gainera, bi bikote baino ez zizkiguten onartu eta multzoen zozketak
ez zigun gehiegi lagundu».
TELEBISTA ETA FITXAKETAK. Enpresa hazten ari da, baina Egigurenek
traba ugari izan dituztela onartu du. Pilota profesionalean
telebista ia ezinbestekoa da, eta hor du kexa enpresaburuak.
«Jaialdi ugari antolatu arren, ETBkoentzat ez gara existitzen.
Jasotako tratua lotsagarria da, bizkarra eman digute».
Aldiz, telebista txikiagoetan eman dituzten partidetako kalitatea
goraipatu du, baliabide urriagoak izan arren. Irrati eta hedabideetan
jasotako oihartzunarekin ere pozik dago, erremintak alde horretatik
garai txarrak bizi dituela onartu duen arren.
Heldu den urtera begira pilotari taldea indartu nahi dute.
Bide horretan, Imanol Lopezek, enpresako izarretako batek lau
urterako kontratua sinatu du, eta Mikel Egiguren ere Euskal
Herrira itzultzekoa da anaiaren enpresan jokatzeko. Bi hauek
munduko txapeldunorde izan ziren 2006an elkarrekin. Alex Rekaldek
ere udako sasoia Jai-Aliverekin egingo du aurten, uztailerako
Euskal Herrian egongo baita. Beste bi beteranok ere Dania utziko
dute Jai-Aliven aritzeko: Pedro Irusta atzelari markinarra eta
Javier Otxoa aurrelari gasteiztarra. Berriei lekua egiteko beteranoek
erretiroa hartu behar dute, eta Iñaki Goitia izango da
hurrengoa. Aulestiko atzelariak urte bukaeran hartuko du erretiroa,
profesionaletan 29 urtez jokatu ondoren.
«Kudeaketa txarrarengatik Euskal Herrian galdu badu ere,
zesta-puntak oraindik xarma asko du atzerrian»
Iñaki EGIGUREN
JAI-ALIVEKO PRESIDENTEA