GOIXERRI:

“Zestari gertatzen zaiona pilotarion errua ere bada”

Goixarri edo Goixerri. AEBetan “Goixarri”,
Euskal Herrian bigarrena, “Goixerri”.
Baina, izatez, Jon Iñaki.
Gizon osoa da mutrikuarra, pilotari kementsua eta pertsonalitate handiko puntista.
Zesta-punta izan da bere bizitza, eta neurri batean orain ere horrek ematen dio bizi-poza. Ondorengo bost egunetan hiru partida jokatuko ditu, akaso lau, eta ilusioz hartzen du erronka puntista beteranoak.
Mutrikuko Sari Nagusian jokatuko du lehendabizi, etxekoen aurrean, eta txapelketaren atarian motibatuta ikusten dugu.

Ameriketan lauzpabost frontoi ezagutu zituen, eta onenetakoa izan zen bai Milford-en, bai Newport-en. Gero Karmelo Baldako enpresan jokatu zuen, eta, azkenik, Eusko Basquen.
37 urte dituen arren, Jai-Aliveko izarretako bat da gaur egun gipuzkoar aurrelaria.

Ostegunean Mutrikun eta ostiral eta igandean Markinan. A ze trotea!
Bai, denak batera. Aurretik gehiago jokatzeko beta izan banu sikiera… Baina ondo nago, eta gogotsu. Aukera ederra da eta aprobetxatu nahi nuke.
Mutrikun Goitiarekin jokatuko duzu, eta Markinan Jon Arriagarekin ari zara. Kantxa desberdinak dira, gainera, biak.
Bai, biak dira nobleak, baina Mutrikukoak kontrakantxa txikia dauka eta errematea harrapatzea kontu zaila izaten da beti. Eta pilota baxuagoa erabiltzen dugu. Edonola ere, etxean jokatzea beti da gauza handia.
Jon Arriagarekin zaude Markinako Masterrean. Ondo konpontzen zarete Jon eta biok?
Bai, aspalditik ezagutzen dut Jon, eta atzelari konpletoa da. Ez da oso gizon handia, baina oso indartsua da, eta partida handietan gora egiten du nabarmen. Plaza-gizona da.
Orange Zirkuituak asko eskatzen dizue pilotarioi?
Bai, sei hilabeteko konpetizioa da, eta horrek badu bere pisua. Gure erregulartasuna erakusteko erakusleihoa da Orange Zirkuitua, eta motibatuta gaude, aspaldiko partez. Gogoz eta indarrez hartu dugu txapelketa berri hau, zesta-puntarentzat onuragarria izan daitekeena.
Zer edo zer mugitzen ari da zesta-puntaren inguruan. Zuk Mutrikuko eskolan duzu zeure betebeharra…
Bai, gustura egiten dut. Gazte talde bikaina dugu eta pixkanaka-pixkanaka afizioa ere pizten ari da. Une txarrak bizi ditu xisterak, eta pilotariok ere badugu errurik hor, neurri batean. Zestak konpromisoa eskatzen digu, eta batu egin beharko ginateke, zer edo zer erabaki edo adostu, galdera baten inguruan: zer egin dezakegu guk zesta-puntaren alde?
Jokatzea ez da nahikoa, orduan.
Gaur egun zesta dagoen egoeran ez, ez da nahikoa. Pilotariok nahiko berekoiak gara, beti gu, geure partidak, geure kontratoa… Baina zesta-puntak beste zerbait behar du orain. Horretarako astirik izango da, jakina, modalitatea suspertzen denean, baina orain hausnartu beharra daukagu.
Ez dago batasunik, ordea.
Ez ba. Eusko Basquen, adibidez, Totorikak edozer egiten die pilotariei, eta haiek ez dute "txintik" ere esaten. Zergatik? Ba batzuk urtean lauzpabost partida jokatzearren. Penagarria da, baina horrela gaude.
Zuk ere izan zenituen zeureak eta bi enpresa horrekin, ezta?
Bai. Arrazoia neukan, ez zidan zor zidan guztia ordaindu. Auzira eraman nuen eta galdu egin nuen, arazo burokratikoak medio. Kolpe galanta hartu nuen. Eta hor ere badago adibide garratz bat, denok ezagutzen dugun pilotari batek nire kontra deklaratu baitzuen. Putada galanta. Orain Eusko Basquen dago, jakina. Horra hor pilotariok nolakoak garen. Ez danok, baina batzuk bai.
Eta etorkizuna nola ikusten duzu?
Itxaropentsu. Lastima da Eusko Basquek gurekin jokatu nahi ez izatea, baina Totorika horrelakoa da, gaur egun zesta-puntaren minbizia da gizon hori. Zorionez jende gehienak ezagutzen du, eta horrek aldaketak ekarriko ditu. Aldaketa horiek sumatzen ari dira jada.