ANDER UGARTE:

“PILOTAKO EUSKALTZAINDIA IZAN NAHI DUGU"

XIX. mendeko tradizio zaharrari jarraituz, Ander Ugartek berrikuntzak dakartza pilotara. Pilota-egile sendi bateko laugarren belaunaldia ordezkatzen du Ugartek, eta duela lau urte hartu zuen "Punpa" enpresaren ardura. Pilotak bai, baina bestelako produktuak ere ekoizten ditu Ugartek, tartean xistera eta larruzko guante aspaldikoak, zesta-puntaren aitona eta aita, hain zuzen. Donibane Lohitzunen dauka tailerra, Jaldai industrialdean.

Erabat mekanizatu duzue material ekoizpena.

Erabat ez, baina ia-ia. Prozesu mekanizatu batekin egiten ditugu pilotak, denak berdin, eta gero dozena erdi lagun ditugu pilota horiek josten. Azken pausu hori eskuz egiten dugu momentuz.

Zein da zuen helburua?

Pilotako "Euskaltzaindia" izan nahi dugu. Pilotaren egiturak ia-ia feudalak dira, Erdi Aroan antzera dago pilota zentzu askotan, bandoetan zatituta... eta horrek ez dio mesederik egiten. Denok batera egin behar dugu, pilota modernizatzea nahi badugu, behintzat.

Zer egin behar duzue horretarako?

Egiten ari garena. Materiala berdindu, aprobak egin eta hobetu. Eta, bide batez, merketu.

Modalitate batzuek zuei esker diraute...

Baietz esango nuke. Guk bakarrik egiten ditugu guanteak eta laxoan edo pasakan jokatzeko pilotak. Modalitate zaharrak dira, euskal pilotan aitzindari izan zirenak, eta ezin ditugu galdu. Baina, neurri batean, guk material hori egiten dugulako bizi dira. Beste horrenbeste gertatzen da xarea eta errebotearekin.

Asegarcek zuenganako apustua egin zuen aspaldi, ezta?

"Punpa"ri begira jarri zen lehen enpresa izan zen, bai, eta buruz burukoaren azken bost edo sei finalak gure pilotekin jokatu dira.

Zesta-puntakoekin ere egin duzue aproba, eta Jai-Alivek zuen materiala erabiliko du Iruñean.

Bai, frontoi laburrerako zesta-puntako pilotak egitea ez da lan zaila. Frontoi luzean jokatzeko beste kontu bat da... Horiekin ez dugu asmatu, momentuz, baina gehiago ikertu egin behar da, lortu daiteke. Beno, ondo esateko, asmatu bai, asmatu dugu, baina momentuz ez da posible modu industrialean egitea.

Lan asko izango duzue aurrerantzean.

Bai, gainezka gaude, eta baliabideak jarri beharko ditugu daukagun eskaintzari aurre egiteko.