 |
LEJARDI:
"ESPERIENTZIA POLITA IZAN DA AURTENGOA "
1999an jokatu zuen azkenengoz Euskal Herrian, eta ondo akordatzen da horretaz (Iparraldean aritu zen). Aurten, baina, Markinan jokatzeko beta izan du Fernando Lejardik, eta ondo aprobetxatu du bere aukera, zaletuek pozik jarraitu baitute bere joko bizia. Uztail osoan Jai-Aliverekin ibili da Lejardi, eta itxura ona eskaini du neurketa guztietan, ez bakarrik "Uni"an.
Bolibartarrak Miamin jokatzen du negu partean, eta Floridako kantxan onenetakoa da, Irastorza, López, Goiko, Rekalde eta Jabirekin batera. Hangoak amaitu eta datorren urtean ere Euskal Herrira bueltatzeko gogoa duela adierazi digu.
Ia-ia hamar urte Euskal Herrian jokatu barik. Orduko hura 1999an izan zen, Miarritzen. Zelan ikusi duzu zeure burue uda honetan?
Hasieran apur bat urduri nenbilen, badakizu, jokalari desberdinak, frontoi desberdina... baina jokatu ahala askoz gusturago sentitu naiz.
|
Eta Orange Zirkuitua, ezuste bat izan da zuretzat edo ezagutzen zenuen?
Jai-Aliven webgunetik ezagutzen nuen, hori zen nekiena Euskadira etorri baino lehen. Gero, nolakoa den ikusita, oso interesgarria iruditu zait.
Zer begitandu zaizu?
Oso ondo iruditzen zait. Euskadin jokatzen dagoen jendearentzat hemen Miamin bezala sei hilabeteko denboraldia edukitzea eta leku eta frontoi desberdinetan jokatzea oso ondo ikusten dut.
Markinan gustura ibili zara? Akaso denbora gehiago behar, ezta?
Bai, gustura ibili naiz eta egunak joan ahala askoz hobeto ikusi dut neure burua, askoz presio gutxiago baitaukazu.
Nolako pilotariak aurkitu dituzu hemen? Ezusteren bat tartean?
Kuadro polita dago, gehienak ezagutzen nituen, Floridan edo Mexikon eurekin jokatuta, eta ezustea Erkiaga izan da, hain gaztea izanda ematen du urte asko daramatzala jokatzen profesional mailan; beldurrik barik jokatzen du eta oso ausart ikusi dut.
Markina eta inguruko zaletua gustura geratu da zure jokoarekin, joko bizia eta dotorea daukazulako. Kinieletan ere joko berbera erabiltzen duzu?
Bai, berdin jokatzen dut nik beti.
Miamin ez da izango erraza nabarmentzea, ezta?
Ez da erraza, ez, kuadro oso ona baitago.
Zein zen zure helburua Euskal Herrira etorri zinenean? Bete duzu?
Nire helburua ahalik eta ondoen jokatzea zen, nahiz eta denbora gutxi izan horretarako. Dena den, gustura gelditu nahiz.
Arantzaren bat geratu zaizu?
Ez, ez zait arantzarik geratu. Konforme nago egindakoarekin.
Nola ikusi duzu zesta-punta hemen, Euskal Herrian?
Ba, egia esan, oso ondo. Nik uste baino askoz hobeto, bai Markinan, bai Maulen. Jende asko ikusi dut frontoian, zesta-puntaren inguruan berba eginb izan da, eta horrela guk ere motibatuago jokatzen dugu. Gora egin duela esango nuke.
Datorren urtean esperientzia errepikatzeko gogoz?
Bai, oso esperientzia polita izan da aurtengoa; ea 2008an ere bueltatzeko aukera dudan.
Miamin utziko dizute?
Ez dakit, hori ez dago nire esku. Aurten zortea izan dut, oporrak hilabete berean tokatu zaizkidalako. Aukeran, hilabete bat baino bi nahiago, ezta?
Jakina. Bi hilabete hartuko banitu hobeto, trankilago jokatuko nuke.
|
|