ARITZ ERKIAGA:

“Nik Markinan gozatzen dut”

Ostiralean denek nahi zuten Erkiagarekin egon, denek nahi zuten bere ondoan argazki bat atera. Bereikuak eta Praderak irabazi zuten Markina Hiriako finala, bai, eta ondo merezitako garaipena izan zen, baina jendea
Erkiagarekin zegoen.
Zer ote dauka gazte honek zesta-puntaren inguruan dagoen jendea bereganatzeko? "Txino" Bengoa zestalari ohiak eman zizkigun zertzelada batzuk:
"Nik ez dut urte askotan horrelako debutik ikusi. Mutil honek patxadaz jokatzen du, eta postura denak menperatzen ditu. Gainera, lasai jokatzen du kantxan, beterano batek legez".
Aritz mutil apala eta lotsakorra da, baina kantxa barruan eraldatu egiten da, zestalari ausarta eta lotsagabea dela erakutsiz. Urte askotarako.

Ekainean debutatu zenuen, eta orain Miamira zoaz, aspaldiko tradizio zaharrari eutsiz. Gogorra egin zaizu udaldia?
Bai. Orange Zirkuituan ez du inork parkatzen, aukera guztiak ondo aprobetxatu behar dira.
Ukondoa ez daukazu batere ondo, gainera.
Beno, ez da horrenbesterako. Kolpe gogor bat hartu nuen aspaldi, babesteko erabiltzen dugun koltxa mugitu egin baitzitzaidan, baina orain nahiko ondo daukat. Min apur bat ematen dit, bai, baina pasatuko da.
Jauzi handia al dago afizionatuetatik profesionaletara?
Bai, badago saltoa, bai. Nik iaz ere jokatu nituen partida gutxi batzuk, aproba legez, López eta hauen kontra. Baina aurten hobeto ikusi ditut denak: Zen, López, Arriaga, Foronda, itzel dabiltza denak.
Bereikuaren kontra ere jokatu duzu, pare bat aldiz. Nola jokatu behar zaio Berriatuko "hunter"ari?
Ba fin ibili behar zara, batez ere sakean. Hor min handia egiten du, eta gero defentsa ikaragarria daukanez ba... norberak ere dena egin behar du ondo.
Zer irabazi du Erkiagak uda honetan?
Orain seguruago jokatzen dudala esango nuke. Debutatu nuenean beldurra ez, baina errespetu handia nien hauei guztiei, eta orain beraiengandik hurbilago ikusten dut nire burua. Hori bai, asko ikasi behar dut oraindik, baina astindu ditut beldur danak.
Miarritze, Markina, Lekeitio, Hondarribia... Frontoi ugari ezagutu duzu uda honetan. Zein duzu gustukoen?
Nik Markinan gozatzen dut gehien. Niretzako Markinako "Uni"a berezia da, hor dagoen giroa, kantxa bera... Dena da berezia Markinan. Aurten, gainera, aspaldian bizi ez zen giroa bizi izan da, eta horrek edonor pozten du.
Miarritzen ere sailkapen partida bi gainditu zenituen, Goitiaren laguntzaz. Baina Goikoren kontra ezin.
Gustura ibili ginen han, bai, baina azken partida horretan txarto jokatu genuen biok. Ondo hasi ginen, eta, egia aitortzen badizut, irabaziko genuela uste nuen hasieran, konbentzituta nengoen, eta begira nola amaitu zen azkenean. Takada gogor bat egin ziguten eta kitto. Beno, beti ikasten da zerbait.
Orain Miamin jokatu behar duzu datorren ekainera arte. Zer nahi duzu hobetu han?
Batez ere nire sakea. Ea hori lortzen dudan.
Eta udarako berriz hemen, Jai-Aliverekin. Hiru urterako kontratua sinatu berri duzu. Pozik?
Bai, bai, oso pozik. Iñaki Egigurenek hasieratik utzi zidan zabalik aukera hori, eta azkenean hiru urterako sinatu dut. Gustura nago Jai-Aliven, eta ea datorren urtean ere hemen jokatzeko aukera dudan.