Hamabi urte Daniako frontoian. Badirudi gustura zaudela han.
Bai, urte asko dira, baina gustura nago. Hori bai, uda partean Euskal Herrira etorri eta Eusko Basquerekin derrigorrez jokatzeak ez dit grazia handirik egiten. Guk, pilotariok, nahi dugunarekin jokatzeko aukera izan beharko genuke, baina ez da horrela, desgraziaz.
Danian egin duzue horren inguruan hausnarketarik?
Bai, bai, eta exijitu ere egin diogu gure nagusiari, baina ez digute eskubide hori errespetatu. Frontoiak krisialdi handia bizi du eta dirua jokatzeko makinak sartu behar dituzte orain. Guk galdetu genien ea zer gertatuko zen zesta-puntarekin, eta akordio batera heldu ginen: bost urtetarako ziurtatuta daukagu kontratua. Hori bai, Euskal Herrira bueltatzen garenean Eusko Basquerekin jokatu behar dugu derrigorrez, azken eskaera hau ez ziguten errespetatu. Pena da, baina horrela daude gauzak.
Ez gaude prestatuta arriskuak hartzeko, pilotariok nahiko ahulak gara.
Gaitz ikusten duzu, beraz, egoerari buelta ematea…
Momentuz bai. Baten batek pausua eman arte… 88ko grebak min handia egin zigun, eta orain Ameriketan frontoi garrantzitsu bi daude bakarrik. Horrek aukerak asko murrizten ditu, eta kalean geratu nahi ez baduzu zintzo ibili behar zara.
Hala ere Mundiala jokatzeko prest zaude, eta Jai-Aliverekin eman duzu izena.
Bai, zergatik ez? Jai-Aliverekin jokatu nahi nuke Mundiala. Akaso ez naute aukeratuko, baina aukeratzen banaute Jai-Aliverekin jokatu nahi nuke. Deitu egin naute eta ni pozik. Gero bakoitzak azal dezala zergatik egiten duen hau edo bestea, zergatik debekuak eta zergatik azpijokoak.
Enpresa bi egoteak onura dakar pilotarien koadrora…
Hori ba! Pilotari, zaletu eta zesta-punta berarentzat onuragarria da hori. Pilotaria motibatzeko ezinbestekoa da, beste aitzakia bat gogoz jokatzeko.
Orange Zirkuituak ere piztuko zuen itxaropen izpi bat zuen artean, ezta?
Sei hilabetez jokatzen da eta horrek ilusioa piztuko zuen hemengo pilotarien artean, bai. Ameriketan gaudenok ere gustura hartu dugu notizia, egunen baten akaso etxera bueltatu eta aukera hori izatea garrantzitsua baita.
Hamabi urte Danian. Gogorra egiten zaizu edo ohituta zaude?
Ohituta nago, eta familia nirekin daukadanez ba… Hori bai, hemengoak faltan hatzen ditut. Osterantzean ba... Bizimodu ona egiten dugu han ere!
Etorkizunean bete nahiko zenukeen amets bat?
Mundiala irabazi nahi nuke. Lau jokatu ditut, bi biderrez bigarren geratu naiz, eta behin hirugarren postuan. Txapela falta zait.
Momentuz Ameriketan duzu, baina, erronka.
Bai, han egingo dut negu osoa. Euskal Herrian egon naiz hila betez, eta Markinan ezin jokatu. Horrek pena handia eman dit.
|