ARITZ ERKIAGA:

“NIRETZAT OHORE BAT DA GOITIAREN ONDOAN DEBUTATZEA ”
Afizionatu mailatik zikloia legez pasatu da, direnak eta ez direnak irabaziz, baina aste honetan ekingo dion bideak bestelako arantzak ditu. Dena den, Aritz Erkiaga (Ispaster, 1987) erronkari aurre egiteko prest dago. Hogei urteko bizkaitar honek burua argi dauka eta besoa fresko. Jai-Alivekin debutatuko du, astegoien honetan bertan, eta gero Miamiko frontoira joango da, neguko denboraldia han agortu asmoz.

Ekainaren 9an bete dituzu hogei urte, eta aurrean daukazu debuta. Goitia izango duzu lagun, ostiral honetan, Markinako frontoian. Urduri zaude?

Apur bat bai, baina Goitia atzean izanda… Niretzat ohore bat da Goitiaren ondoan debutatzea.

Berarekin debutatu nahi zenuen eta intendenteak hala erabaki du. Zergatik nahi zenuen Iñakirekin jokatu?

Niretzat erreferentzia delako, ez bakarrik pelotari moduan, pertsona legez ere asko estimatzen dut.

Eta igandean Masterrean egingo duzu estreinako agerpena. Iñaki López izango duzu alboan. Horrek ere emango dizu, bada, errespetu apur bat, ezta?

Bai, jakina. Baina atzean lagun ona izanez gero ba… Beti lasaiago.

Eta neguan Miamira.

Bai, anaia han daukat jokatzen, eta berak animatu ninduen. Gainera, azpiko kinieletan hasiko naiz jokatzen, eta horrek presio asko kenduko dit. Egongo da gora egiteko astirik…

Izan dituzu bestelako eskaintzak, baina Jai-Alive-rekin debutatzea erabaki duzu. Zergatik?

Eusko Basquek egin zidan eskaintza bat, iaz. Baina nik nahiago dut Jai-Alive. “Atain”ekin harreman ona daukat, eta enpresa bera ere gustuko dut.

Jokalari “konpletoa” zarela diote adituek. Zuk zer diozu?

Ba asko daukadala ikasteko. Ezer onik badaukat hori da, gogoa, eta gero, akaso, errebotea. Sartu ere nahikoa pilota sartzen dudala esango nuke.

Eta zer hobetu behar duzu?

Batez ere sakea.

Pilota biziekin edo motelekin gusturago?

Biziekin.

_____________________________________________________________________________

IÑAKI GOITIA:

“NIK "TXULA" ZAINDUKO DIOT; BESTEA EGINGO DU BERAK"

Iñaki Goitiak 44 urte ditu, baina hogeiko askok hartuko luke bere grina eta bere gogoa. Aulestiarra gizon aparta da, indartsua eta jatorra. Pilotari handia, kantxa barruan nahiz kanpoan, eta horrek badu bere itzala… Aritz Erkiagak bere ondoan nahi du debutatu.

Zurekin debutatu nahi zuen Aritzek. Berarentzat erreferentzia omen zara…

Kar, kar… Nik “txula” zainduko diot; bestea egingo du berak. Entsaiatzen ikusi dut, eta pilotari osoa da, ia dena egiten du ondo. Eta, gainera, ikasteko gogo handia dauka. Hori da printzipala.

Zuk ere garai hartan…

Bai, ez dakit. Nerbio apur bat galdu dut, eta bizitasuna. Baina “malaletxea” badaukat oraindik, eta beste gauza batzuk irabazten ditugu adinarekin: kantxan jartzen ikasten duzu, esfortzua kontrolatzen, lagunaren zuloak tapatzen…

Etorkizuneko pilotaria ikusten duzu, beraz.

Bai, zesta-puntak aurrera egiten badu Aritzek asko jokatuko du. Ohore bat izango da niretzat bere debutean laguntzea.