KEPA JUNKERA:

“Erromeriak eraman ninduen zesta-puntara”

Kepa Junkerak aspalditik ezagutzen du zesta-punta, eta gustuko duen kiroletako bat da. Berak aspaldi probatu zuen xistera, eta Errekaldeko frontoi ezkutuan ibiltzen zen, beste lagun batekin, gazte garai haietan. Gaur egun gure musikagilerik ezagunena eta ospetsuena da, baina Kepak ez ditu sustraiak ahantzi, jarraitzen du xisteraren nondik norakoa eta bere ustez erremintak badu etorkizunik, hori bai, gauzak zuzen eginez gero.

Nola ezagutu zenuen zesta-punta?

Nik trikitixaren eskutik ezagutu nuen, erromeriak eraman ninduen zesta-puntara. Errekaldekoa izaki, eta garai hartan gainera, ez nuen xistera ezagutzeko modurik izango, zuzenean ez behintzat, baina erromeriatan ibiltzen ginen, musika joaz, eta herri txikietan barna ibiltzen ginen gainera, eta mundu bitxi eta erakargarri hori nire begien aurrean agertu zen. Liluragarria zen, benetan, xarma berezia zuten pilotari indartsu haiek, eta distira berezia zuten jendearen aurrean. “Amerikanoak” ziren, beraien auto ederrekin eta beraien gorputz bulartsuekin.

Markinaldean, esaterako, udaldian jotzen genuen, eta zer edo zer gertatzen zela ikusten genuen. Hortxe arrimatu nintzen xisterarengana.

Gero, ibilitakoa ere bazara…

Bai, guanteak eskua errespetatzen dit, eta hori garrantzitsua da niretzat, eskuak behar ditudalako soinua jotzeko. Eskuz jokatzeak edo palak berak ere eskua mindu egiten dizu, eta zestak ez. Horregatik hasi nintzen jokatzen.

Errekalden bertan, gainera, ezta?

Bai, gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Zesta-punta bat oparitu zidan Plaza pilotariak, eta Errekaldeko frontoira hurbildu nintzenean hara zer eta beste mutil bat ikusi nuen frontoian, zesta-puntarekin jokatzen. Itzela izan zen, miraria-edo!! Julen du izena, lagunak egin ginen eta jokatzen hasi ginen elkarrekin. Itzel, itzel…

Bilboko bakarrak izango zineten…

Bai, jendea begira geratzen zen, txundituta. Nik asko disfrutatu nuen, eta hortxe egin nintzen betirako zaletu… Gero garai ederrak bizi izan nituen, eta izar handiak ezagutu: Txikito, Katxin, Remen, Kent, Kaltzakorta, Beaskoetxea…

Non ikusten diozu xarma zuk zesta-puntari?

Oso joko estetikoa da, ikusteko oso polita da, erritmoa, glamourra, eta jokatzen duzunean… uf, sentsazio asko dira batera datozenak, pilota jasotzen duzunean, jaurtitzen duzunean… hormaren kontra egiten duen zarata bitxia… Ederra da. Dantzaren posturak ditu, gainera.

Apur bat jarraitu izan duzu zesta-puntak azken urteotan egin duen ibilbidea. Nola ikusten duzu gaur egun eta zer uste duzu behar duela bere etorkizuna bermatzeko?

Nik txarto ikusten dut, hori da egia. Baina garai desberdinak dira, eta estrategia berriak behar dira, planifikazio ona, merkatu berriak bilatu, eta jende gazteari ezagutarazi, promozioa egin, baliabideak bilatu… Behar bada play-station joko bat egin beharko da, ez dakit… Nire seme gazteari sartuko diot zesta-puntaren harra, hori seguru. Gurasoek ere lan handia egin dezakegu-eta.

Espazio ederra dauka zestak, kirol global ugari baitago, baina hau geure geurea da eta kanpoan erakusteko bakarra da, aproposa, eta jokatzen duzunean jasotzen dituzun sentsazioak bakarrak dira, bakarrak. Hori dena aprobetxatu beharra dago.

 

VOLVER