
Iker Foronda zesta-puntako I. Orange
Zirkuitoaren irabazlea izan da |
|
Iker Foronda: «Estatu Batuetan zenbaki bat zara, ez
zaituzte pilotari gisa ikusten»
Iker Foronda bukatu berri den Orange Zirkuituko txapelduna
da. 28 urteko gasteiztar hau erregularrena izan da, zazpi
hilabeteren buruan, jokatutako txapelketetan puntu gehien
bildu duen pilotaria izan baita. Jai-Alive enpresako aurrelari
honek 2003. urtean egin zuen debuta Miamin. Estatu Batuetan
hiru urte egon ondoren, isilean egindako lanaren ordaina jaso
du orain Euskal Herrian.
GARA.- Aritz SORZABAL |
Hondarribiko eta Iruñeko txapelketak irabazi ondoren,
Iker Foronda Orange Zirkuituko sailkapen orokorrean gailentzeko
faborito bilakatu zen uda partean. Azkenean, lehen postuari
eutsi eta joan den igandean txapela jantzi zuen Markinan,
hots, zesta puntaren sorlekuan. Zazpi hilabete iraun duen
borroka amaituta, GARArekin hitz egin zuen arabarrak.
Orange Zirkuituko txapelduna zara. Pozik egongo zara,
ez al da?
Izugarrizko poza sentitzen dut, zazpi hilabetetako borroka
izan baita. Txapelketa guztietan topera ibili behar zara puntuatzeko.
Garaipena, beraz, lana ondo egin izanaren isla da.
Zazpi hilabete horietan zein txapelketetan gozatu
duzu gehien?
Hondarribiko garaipena berezia izan zen, frontoi berria baitzen
eta jende asko baitzegoen harmailetan. Iruñean irabaztea,
jaiak izanda eta bertako euskal giroa ikusita, oso polita
izan zen. Dena dela, irabazi ez nuen arren, beste txapelketa
batzuk ere zirraragarriak izan ziren. Gasteizkoa izanda, pena
eman zidan bertako finala ez irabazteak, baina etxekoekin
eta lagunekin finalerako sailkapena ospatzeak ilusio handia
egin zidan. Era berean, Markina eta halako pilotaleku garrantzitsuetan
jokatze hutsak berak ilusioa egiten du, pilotari ohi eta ikusle
ugari bertaratzen baita.
Zure ustez, non erabaki zen txapelketa?
Iruñekoa buruz-burukoa eta Masterra izan zen. Horrenbestez,
txapelketa horretan besteetan baino puntu gehiago banatu zen.
Han irabazi izana oso garrantzitsua izan zen. Hortik aurrera,
abantaila horri eusten saiatu nintzen. Hala ere, Hondarribiko
garaipena erabakigarria izan zen. Oraindik asko geratzen zen
jokatzeko, eta ez nuen oso garbi irabaziko nuen ala ez. Partida
oso zaila genuen, Konpa eta Lopezen aurka. Oso estu irabazi
genuen azkenean, eta hor bideratu nuen txapela.
Zeintzuk dira orain esku artean dituzun helburuak?
Atseden txiki bat hartu behar dut datorren denboraldia hasi
aurretik. Atsedena laburra izango da, pare bat astekoa, deskonektatzeko,
aurtengo Orange Zirkuitua laster hasiko dela esan baitigu
enpresak.
Jon Arriaga bikotekide izan duzu maiz. Atzelari onenaren
saria jaso du gipuzkoarrak. Zer esango zenuke pilotari horri
buruz?
Atzelari onenetarikoen artean dago. Lehen hala zen, eta hala
dela erakusten du oraindik orain. Dena dela, Estatu Batuetan
dauden zenbait pilotarik txapelketa osoa jokatu ezin izan
dutenez, Jonek eta biok errazago izan dugu irabaztea. Kanpoan
dauden pilotari horiek zazpi hilabeteetan egon izan balira,
aldaketak egongo ziratekeen sailkapenean.
2003. urtean egin zenuen debuta, Miamiko Dania Jai-Alai
frontoian. Zein oroitzapen duzu egun horretaz?
Oso berezia izan zen, ez baitzuen zerikusirik Euskal Herriarekin.
Estatu Batuetan zenbaki bat zara, ez zaituzte pilotari gisa
ikusten. Izenez ez zaituzte ezagutzen. Iritsi nintzenean,
nire lehenengo kinielan, oso urduri nengoen. Mikrofonotik
esan zuten gazte bat nintzela, Gasteiztik etorria. Egia esan,
egun horretan ez zegoen jende askorik.
|